XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hitz gutxikoa izaten ikasi beharra zegok.

Hitz hauek ere aitari hainbestetan entzunak, gero eskolan aitaren aipamen gutxi eta bezperakoak erabat puzten bazituen ere.

- Dios, ederretik libratu nauk.

Olatu batek jo zion brankaldea eta mugimendu azkar batez orekaren jabe egin zen Tomax.

Baina itsasorakoan adinako indarrik ez zuten marea behera hasia zen barraldeko olatuek.

Hark ez zuen, ordea, Tomax baretu, gogor eutsi bait zion lemari.

Ezustekoei aurre eman nahi dien edozeinen jarrera atezuan Tomax, lemaren aurrean zut.

Barran sortzen diren korronteek noiznahi jo zezaketen txalupa, ibaian gora ur plasten higidurak beti adierazten du nondik dagoen kanala eta txalupak ere kanalean aurrera gidatzen dira, neguoroko urjauziek kanala aldatu egiten dute eta beti praktikatu behar da urgaineko plastaden irakurkera txalupak hondorik jo ez dezan, baina barrarena desberdina da, kontrolezina bizitza guztia bertatik igaroz daramanarentzat ere, San Nikolas itsasuntzia barran hondoratu zenean bezala, ezusteko olatu haundi batek sabela kraskatu ondoren.

Gauez gertatu zen istripua eta marinel gehienak kamarotean zeuden lotan, itsasuntzia erdi hondoratuta geratu zen eta marinelak, berriz, kamarotetan sortu zen aire boltsa batean harrapaturik, aitak maiz kontatua zion gertatua Tomaxi eta hau gau bat baino gehiagoetan esnatu zen harrez geroz garraixika, Tomaxen aitak parte hartu zuen marinelak salbatze lanetan, aizkora bat hartu eta zuloa egin zioten kaskoari, ura arrapaladan sartu zen kamarotetara dena txikituz eta zazpi marinel ito ziren bertan, egunak bota zituen aitak gonbitoka, (...).